XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

28. Ahoz aho

Zaharrak dauka beti zer erran, gazteak zer ikasi

Gizakia, hizkuntza erabiltzen ikasi bezain laster, bere irudimenaren emaitzak plazaratzen hasiko zen, segur aski.

Halaxe ipuinak, historiak, esaerak, kantak eta bertsoak sortuz, paregabeko tresna den hizkuntzarekin jolasten zuen idazkera asmatu baino askoz lehenago.

Idatzirik ez egoteak ez du esan nahi aise ahazten zirenik, ahoz-aho ikasi eta gordetzen bait ziren.

Hauxe da ahozko literatura deritzana, irauteko liburu beharrik ez duena.

Hasiera batean munduko literatura guztiak ahozkoak ziren eta, are gehiago dena, gaur egun literatura idatziaren klasiko zenbait, urte luzetan, ahoz-aho atxiki ziren, liburuetan eman baino lehen.

Idazkeraren asmakuntzak ez zuen, hala ere, ahozko literatura guztiak idatzi bihurtu, askok ziren bezalakoak iraun dute bizirik, nahiko mespretxatuak izan arren.

Gure ohizko literatura ahozkoa izan da eta hala jarraitzen du izaten bere adierazpenik nagusienean: bertsolaritza (ikus 29).

Literatura honek bere bereiztasunak dauzka, idatziak ez dituenak; ipuin edo bertso baten entzulea, hartzailea beraz, emaile bilakatuko da ipuina edo bertsoa kontatzerakoan, jakintzaren katean funtsezko eginkizuna beteaz.

Liburua irakurtzerakoan, aldiz, irakurlea hartzaile hutsa izan ohi da, horretan burutzen da ekintza.

Bereiztasun honek entzulearen oroimena azkartzen, sendotzen zuen; hameka bertso ezagunak ditugu behin bakarrik, bapatekoan, esanak izan zirenak jende aurrean eta entzuleek gogoan atxikiz gerorako gorde izan zituztenak.

Folklorezaleak, literatura hau jasotzen hasi zirelarik, buruz ehundaka bertso esateko gai ziren eskola gabeko pertsonak aurkitzerakoan, harritu egiten ziren.

Halakoa zen, adibidez, Ataungo (G) Maria Josefa Barandiaranen kasua; amonatxoa izanik, orduak ematen ahal zituen kantan, bertso bat ere errepikatu gabe.

Dena den pertsona hauek ezin zuten bertsorik oroitu kantan baizik; hau ahozko literaturaren beste adierazgarri bat da: doinuari atxikirik egotea.

Bertsoaz gain, gure ohizko literaturan ipuinak, asmakizunak, hitz-jokoak, esaera zaharrak edo atsotitzak eta kantak aurkitzen ditugu.

Hemeretzigarren mendean hasi ziren folklorezaleak jakintza hau biltzen, gal ez zedin; haiei esker ezagutzen dugu gaur egun, zeren XX. mende hasieran ohizko bizimodua astindua, inarrosia izan bait zen, ahozko literaturaren katea, orohar, etenik geldituz: behartutako eskolatzea (erderaz jakina), industrigintza basatia, irratiak, etab.

Ipuin biltzaileen artean Cerquand eta Vinson frantsesak, Webster ingelesa, Barbier, Ariztia, Barandiaran eta Azkue, besteak beste, ditugu.

Esaera zaharren bilduma batzu aspaldikoak dira: 1596 urtekoa, Jakes Belarena (1615), Oihenarterena (1657) etab.

Beranduagokoak Azkue, Intza eta Zabalarenak dira.

Kantak jasotzen Salaberri, Bordes eta Barbier nabarmendu ziren eta oroz gainetik Azkue eta Aita Donostia (ikus 26).

Bilduma hauetan sortutakoaren puska bat bakarrik jaso ahal izan da, alde batetik, gizaldiz-gizaldi, galtzen delako zati bat eta bestetik eremu zabaletako Euskararen suntsipenak berarekin eramango zuen altxorra betiko galdurik bait daukagu.

Xaharrak

Gaur egun, orohar, adineko jendea bazterturik bizi da gizartean; hala ere haiek dira, beren aurrekoengandik jasota, gure ohizko kulturaren adierazpenak gorde dituztenak.

Mendeetako katean gizaldi arteko etendura hasten zelarik, biltzaileek galtzetik begiratu zuten herri jakintza, parte bat behintzat; horregatik aipatuak, ohoratuak dira, baina ez lirateke berri emaileak gutxiago izan beharko, azken finean biltzaileak bitartekari soilak dira eta berri emaileak, aldiz, egitan jakintza atxiki eta zaindu dutenak.